spinner-avanza

Ingurumenarekiko konpromisoa

Garraioaren sektoreak ingurumena defendatzeko konpromiso aktiboa hartzea zein garrantzitsua den jakinik, Avanza Movilidad Gipuzkoak hainbat ekimen garatu ditu bere historian zehar ildo horretan, eta kanpoko erakundeek ISO 14001 bezalako ziurtagirien bidez adierazitako ezagumendua izan da ekimen horien emaitza. Hala eta guztiz ere, gure jarduerak ingurumenaren gainean duen inpaktua minimizatzeko asmoan beti beste urrats bat egin nahian eta inpaktu hori konpentsatu ez ezik ingurumena hobetzen lagunduko duten hobekuntza-elementuak definitzeko xedez, Arrasateko egoitzan EMAS III araudian oinarritutako ingurumena kudeatzeko sistema bat ezartzea erabaki zuen Avanza Movilidad Gipuzkoak 2012an. 

EMAS III araudia ingurumena kudeatzeko erreferente gorena da Europan, bertan izena eman nahi duten enpresei eskatzen dien guztiari dagokionez zorrotzena gainera. Hori dela-eta, ahalegin handia egin behar izan zuten inplikatutako alderdi guztiek gisa horretako baliozkotzea erdiesteko. 

EMAS III ingurumen-araudia ezartzeko prozesurako datu ugari berreskuratu behar izan ziren: erregai-kontsumoa, elektrizitate-kontsumoa, sortutako hondakinak eta emisioak, eta abar. Lortutako informazio hori guztia une horretatik aurrera informatizatu egin zen pixkanaka, gerora prozesatu eta gure ingurumen-portaera EMAS III araudiak ezarritakoaren arabera ebaluatzeko adierazleak lortzeko. 

EMAS baliozkotzeko ezinbestekoa denez enpresari dagozkion lege-eskakizun guztiak zorrotz betetzea, EMAS III araudiak ez du onartzen ildo horretan inolako desbideratzerik izatea –hondakin, baimen, lizentzia eta abarri buruzko legeria–. Horrenbestez, Avanza Movilidad Gipuzkoan lan handia egin da aplikatzekoa den legeria guztia identifikatzeko, legeria hori zenbateraino betetzen den aztertzeko eta –inguruabarrek hala eskatzen dutenean– etengabe promulgatzen diren araudi berrietara egokitzeko. 

Aldi berean, Avanza Movilidad Gipuzkoa osatzen duten pertsona guztiek ekimen horretan parte hartzea sustatu da. Ildo horretan, Ingurumen Batzordea sortu da, enpresaren eta langileen ordezkariek hainbana osatzen dutena. Batzorde horretatik gai horretako prestakuntza-ekintzak sustatzen dira –gidatze ekonomikoa, ingurumen-alderdiak identifikatzea, eta abar–, enpresa hornitzaileak ingurumena hobetzeko ekimenetan inplikatzea bilatzen duten beste zenbait bultzatzen diren aldi berean. 

Garatutako ekintza horien guztien eraginkortasunaren eta bilakaeraren erakuskari, EMAS III araudiak eskatuta, urtean behin ingurumen-deklarazioa aurkeztu behar zaio IHOBEri, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mendeko ingurumena kudeatzeko sozietate publikoari, hark baliozkotu dezan. Avanza Movilidad Gipuzkoak AENORen baliozkotzea lortu zuen aldez aurretik, eta gero erakunde hari igorri zion, eta haren ezagumendua lortu zuen, Europako ingurumen-erregistrorik zorrotzenean, ES-EU-000080, EMAS III izena ematea lortu baitzuen 2014ko ekainaren 20an. 

Ingurumena Kudeatzeko Sistema ezarri izanari esker lortu da Avanza Movilidad Gipuzkoa ingurumen-inpaktua etengabe murrizten ari dela nabarmentzea. Eginkizun horretan garrantzi handikoak izan dira ezarritako ingurumen-jardunbide egokiak eta ingurumen-kontzientziazioa, bai erakundeko langile guztiena, bai enpresa hornitzaileena.  

Avanza Movilidad Gipuzkoak, EMAS III araudiak ezarritakoari jarraiki, erabiltzaile guztien eskueran jarri du egin duen azken ingurumen-deklarazioaren kopia. Eskuratu nahi duenak erabiltzaileen laguntza-telefonora –900 12 14 00– hots egin dezake, edo: info.gipuzkoa@mobilityado.com  posta elektronikoaren bidez eskatu. 

Responsive Image